Ontzi arrakalatua

Estitxu Irisarri Egia

Ez dakit zuei, baina niri, behintzat, perfekzio-nahiak bizitzan zehar hainbat buruhauste eta buruko min eragin dizkit, nahiz eta teoria zein den jakin: inperfekzioa dela perfekzioa. Teoriaren mundu hori onartzea askotan zaila denez, hona hemen praktikaren mundua pixka bat gehiago errazten lagun diezagukeen Asha Mahan eta Mónica González González egileen Cuentos hindúes: desde el Índico a los Himalayas liburuko kontakizun bat euskaratuta:

Indiako zamaketari batek ura bi ontzi handitan herriko alde batetik bestera eramaten igarotzen zituen egunak, ontziak sorbalden gainean zeramatzan, makila luze baten muturretan zintzilikaturik.

Bi ontzietako batek arrakalak zituen eta bestea egoera bikainean zegoen. Gizon hark errekatik irakaslearen etxeraino oinez egiten zuen ibilbide luzearen ondoren, hautsitako ontzia helmugara ur erdiarekin iristen zen.

Hurrengo bi urteetan egoera hori egunero errepikatu zen: ontzietako bat beteta iristen zen eta bestea, erdi hutsik. Noski, arrakalarik gabeko lusuila oso harro zegoen bere lorpenez, ezin hobe sentitzen baitzen. Baina txanbil arrakalatua oso lotsatuta zegoen bere inperfekzioa zela medio eta kaskar sentitzen zen lanaren erdia soilik egin baitzezakeen.

Egun batean, hautsitako tinak zera esan zion urketariari:

Lotsagorritu egiten naiz bi urteotan gertatzen ari den egoeraren aurrean. Barkamena eskatu nahi dizut; izan ere, nire arrakalen erruz nire kargaren erdia entrega dezakezu soilik eta jaso beharko zenukeenaren erdia jasotzen duzu soilik.

Hitz horiek entzutean, gizona hunkitu eta hauxe erantzun zion tinari:

Egon adi etxera itzultzen garenean; bidean zehar hazten diren lore eder-ederretan arreta jar dezazun nahi dut.

Eta hala egin zuen ontziak. Herrirantz zihoan bidetik itzultzean, bidea apaintzen zuten lore eder asko zeudela ohartu zen, alfonbra eder bat zirudien. Dena dela, berdin-berdin triste sentitzen zen eraman beharreko uraren erdia gelditzen baitzen barnean.

Orduan zera esan zuen urketariak:

Konturatu zara loreak zure alderdian soilik hazten direla bidean?

Ontziak lotsaturik begiratu zion:

Beti izan dut zure arrakalen berri, eta horren alderdi positiboa atera nahi izan dut. Ez dut inoiz pentsatu zu ordezkatzerik. Horregatik erein nituen loreen haziak pasatzen zaren bidean zehar eta egunero ureztatzen hasi nintzen. Gogoratu, lagun tina, zaren bezalakoa ez bazina, zure bertuteekin eta zure akatsekin, ez litzateke posible izango edertasun hori guztia sortzea.

Askotan ahazten zaigu bertuteak eta akatsak bai bertute bai akats izan daitezkeela, besteak beste, perspektibaren, epaien eta pentsamenduen arabera. Izan dezagun gogoan inperfekzio hitzaren barruan dagoela perfekzio hitza; ondorioz, inperfekzioa dela perfekzioa.

Utzi iruzkina