Lo egiteko ezin bizi

Iñigo Aranbarri

Ikusteke neukan idatzita. Eta esan behar dut aurreneko aldiz entzun nuenean makurra neure belarria zela pentsatu nuela: «txikito, ez duk ondo aditu». Bai nahi. Entzun, irratiz hasi bainintzen entzuten astea joan eta astea etorri  harri eta makila uzten ninduen molde hura, izan «ikusteke dago nola bukatuko den partida Anoetan» zein «ikusteke dago zein izango den gaurko bileraren emaitza». Askotan, eta horrek zurtzen ninduen, euren lana jario zainduan egiten duten esatarien ahotan.

Ikusteke. Eta beti dago bat duela ondoan, gaztelerazko está por ver horren ordain. Alegia, etorkizuna begi puntan. Ikusteko ez esatearren beti. Kolore pixka bat emate aldera, zer arraio, aspergarria ere egiten da-eta beti-betiko erabilera etxekoa.

Bitxikeria, egosi nuen neure artean. Exotismoa gustatu eta erabiltzen hasi. Baina bide laburra du horrek, abixatuko diete, geldituko dute pitokeria. Bai zera.

Kontua da -teke okerra Pampako luma-landare horren gisara erraz hedatzen hasia dela eta ematen munduan fruitua. Eta hasieran irrati-esatarien molde berritzaile-nahi izan nahi zuenak, hartu dituela beste erredakzio batzuk, eta ikasgelak, eta irakasleenak, eta zer ez.

Orain ez da ikusteke soilik. Analogiak ondo funtzionatu izan du beti hizkuntzan, eta geroaldiaren bidean, egiteke ere ez zaigu gutxitan agertuko:

«PSOE asko egiteke». Halaxe eman zuen idatziz EITB.com-ek 2012ko abenduan ulertzen lanak dituen esaldia. Bideoa ikusten hasi eta ondo ulertzen da esatariarena: «Mucho PSOE por hacer». Politikan zeharo gustatu den moldea, nolanahi ere. Bila hasi, eta halaxe erabili izan baitu bai EAJk, bai EAk, bai Ezker Abertzaleak, bai Miserikordiko Madreak.

Eta egia bada ere kasu batzuetan egiteko dagoela diogunean egiteke dagoela ere adierazi nahi dugula, demagun automobil lantegian nahiz kopistegian:

— Zurea? Egiteko/Egiteke dago.

Gainontzean, ez zaigu erraz suertatuko alderantzizkoa, zerbait egiteke edo egin gabe esateko egiteko lasai erabili ahal izatea. Eta ezinezkoa egon aditza ez badu ondoan:

  • Lo egiteko ezin da bizi

Gainerako aditzekin, zer esan. Agian asmatu dugula, Guadalcanaleko eraso hartan bezala, ostera ere gure mezuak deszifraezin bihurtzea munduko espioi guztien begi-belarrietara:

  • Idatzia aprobatzeko ezin da ahozkoa egin
  • Gosaltzeko joaten naiz lanera
  • Lasai bizi daiteke hainbeste irabazteko