Juan Luis Zabala Artetxe
Zergatik ez du inork argi eta garbi esaten
euskara berarentzat «un puto engorro» dela,
traba petral nazkagarri bat;
nahiago lukeela
–erosotasunagatik eta bakeagatik,
denon mesederako,
hala arazo praktikoz nola kulturalez–
hiztun bizien mingainetatik,
hedabideetatik eta jardun akademiko orotatik
guztiz desagertua balego,
iraganeko erlikia aztergarri eta miresgarri
izatera murriztua behin eta betiko,
bizitza sozialetik erabat kanpo,
latinaren pare?
Zergatik esaten dute
–zergatik esaten didate–
pena handia dutela euskaraz ez jakiteagatik,
edo erdaraz hobeto moldatzen direlako?
Nola sinetsarazten diete
beren buruei begien bistako gezur hori?
Ez da logikoa pena hori,
ez da ulergarria, ez da sinesgarria.
Logikoa nazka da.
Enpatia pixka batez begiratu ingurura
eta berehala jabetzen naiz horretaz.
Nire hizkuntza «un puto engorro» da
inguruko gehienentzat,
eta, ondorioz, neuretzat ere bai
gero eta neurri handiagoan.

