Hamaika itzultzeko jaioak gara (1)

Fernando Rey Escalera

Pochada solidaria sostenible

Sinetsia nago arrunt osasungarria dela umorea, eta are osasungarriagoa, jakina, nork bere buruari irri pixka bat egitea. Horregatik, itzulpen lanari lotutako miseriez irri pixka bat egiteko mezu sail bati eman nahi diot hasiera.

Umorearen eta ironiaren ondorioz, jakina, gogoetak eta eztabaidak ere pizten ahal dira, baina ez da hori, gaur behinik behin, nire helburu nagusia.

Itzulpen lanari lotutako pasadizo asko kontatzen ahalko genuke denok, eta txiste sail ederra aterako litzateke, baina nik lehengo eguneko bat kontatu nahi dut.

Badut adiskide bat, euskara teknikari dabilena Iruñerrian eta maiz kontsultak egiteko edo itzulpenak zuzentzeko eskatzen didana. Azkenaldi honetan, irri ederrak egin ahal izan ditugu pasadizo batzuk direla-eta.

Lehengoan, mezu-truke hau izan genuen:

Egun on, Fernando.
Uste diat txoro-haizeak eman didala.
Gaur itzulpen lan hau iritsi zaidak: “pochada solidaria sostenible”.
ALA! (y si tienes piiiii te la comes. Porque, con ese nombre, hay que tener valor)

Jakina, zer ote zen galdetu behar izan zuen. Festetan, potxa-jatea egin behar omen zuten, eta, bertan, bidenabar, kausa solidario baterako dirua bildu.

Eta “sostenible”? Oraingoan, kontu bakarra ez omen zen ingurumenarekiko errespetua. Pertsonen arteko errespetua eta ez-dakit-zenbat kontu gehiago ere adierazi nahi omen zuten horrekin. Enfin!

 Nik honela erantzun nion:

Ba, nik, askatasunez jokatuko niken.
Ba, esan nahi dutena esateko paragrafo luzea beharko litzatekeenez, uste dinat hobe dela libre jokatzea. Erdaraz jar ditzatela nahi dituzten astakeriak, eta hik normal jokatu.

Potxa-jate solidarioa (eta kitto)

Eta “sostenible” jan (potxekin batera), orain arte eman diren ordainek ez digutelako pitorik (barka!) balio kasu honetarako (iraunkorra, jasangarria…).

Begira zer-nolako munstroa aterako litzatekeen kasu honetan asmazio horien eta Ibon Sarasolaren edo Euskalterm-en esanei kasu egin beharko bagenie:

Babarrun zuri berrien jate solidario iraunkorra

¡A disfrutar, que son dos días!

Irri batzuk egin genituen: nolako betekada eta tripako mina izan behar zuten denek potxa-jate iraunkorra eginez gero. Edo, nolako jaleak behar ziren potxa-jate jasangarria jasateko.

Irrien ondoren, bi gauza etorri zitzaizkidan burura. Bata, jatorrizko testuari traizio pixka bat egitea, batzuetan, konponbide hobea dela fideltasuna baino, eta, zenbaitetan, itzulpena hurbilketa-lana besterik ez dela. Bestea: Zehazki-n eta Hiztegi Batuan zergatik ez dagoen onartua “potxa” hitza. Nafarroako ekialdeko euskalkietan hala erabili da. Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dago. Eta potxak jateko ohitura dugunok hala erabiltzen dugu euskaraz. Non dago problema? Bi dira segur aski: maileguei diegun beldur zentzugabea, eta Euskal Herri horiko platera izatea, zeren, Euskal Herri berdekoa izan balitz, hantxe izanen zen, jatorria gaztelania izan edo beste edozein hizkuntza izan.