‘Haren’ eta ‘bere’: sasitik berrora

Beñat Oihartzabal

Gramatika kontu hits horietako bat: haren eta bere. Horra ene gaia, hizkuntzazko eredugintzan aurki daitezkeen mugen erakusgarri  gisa har daitekeena.

Duela hogeita hamar urte, gauzak larri-larriki emanez honela ziren: Iparraldeko euskaran, haren eta bere izenordain genitiboek elkar kanporatzen zuten: haren ez zen sekula izenordain bihurkari gisa agertzen, eta bere berriz gisa horretan baizik ez zen erabiltzen.  Horrela  azaltzen zituen gauzak Lafittek bere gramatika ezagunean, Lapurdiko itsas hegian gauzak doi bat aldatzen hasiak zirela seinalatzen bazuen ere; (ikus OEH, bere sarrera).

Hegoaldean, haatik, aspaldi hasi aldaketa baten buruan iduriz, gauzak beste era batean agertzen ziren: Iparraldean bezala haren ez zen sekula erabiltzen izenordain bihurkari gisa, baina bere, izenordain bihurkaria izateaz gainera, bestela ere ager zitekeen. Bi izenordainek, beraz, ez zuten elkar kanporatzen, eta bere, ondorioz, haren izenordainaren eremuan sartu ondoan, honen erabileremua ttipituz zihoan; (gauzen ez nahasteko beraren izenordaina bazterrean utziko dugu hemen).[1]

Garai haietan, Lafitteren eraginagatik hain segur, haren eta bere izenordainen arteko bereizketa garbia Iparraldeko ‘euskara onaren’ marka bihurtu zen. Anitzek, erabilera zainduetan bederen, begiratu nahi zuten. Ordea, denbora horretan berean, euskara zaindua batuago egiten zuen prozesu indartsuak kontrako joera indartzen zuen, Hegoaldeko jokabideak bereizketa horri bizkar ematen baitzion, eta euskara batuan ere, Iparraldeko erabilera klasikoa gaitzesten ez bazen ere, Hegoaldeko eredua onartu baitzen (ikus EGLU-I, 69. orr .).

Zer gertatu da azkenean? Hauxe, ene ustez. Euskararen gizarte egoera arras ahula izanik, Iparraldeko irakasle, kazetari, eta bestelako hizkuntzako eredu emaileak egoera nahasi, ezin menderatuzko batean aurkitu dira. Hizkuntzaren bilakaeraren dinamikari Hegoaldeko jokabidea piskanaka hedatzea zerraion. Halere, haren-bere bereizketa klasikoa atxiki nahi zuten anitzek, Iparraldeko ereduaren ikurtzat baitzeukaten. Egiazki, horretarako ahalik izan gabe haatik, franko zaila baita bereizketa hori arras bereturik ez daukan norbaitentzat, kanpoko arau batzuei jarraikiz haren errespetatzea. Arau bihurriegia da, aldi guziez, izenordainaren aitzinkaria perpaus bereko aditzaren argumentu gramatikaletako bat ote den behatzea eskatzen duena. Are gehiago, gizartean nagusi den hizkuntza ereduak holako araurik ez duelarik, eta auzo erdarek ere horrelako izenordain bitasunik ez dutelarik.

Horrela, askok erregela buruhausgarri horretarik atera izan duten ondorio bakarra izan da bere gehiegi erabiltzen zela, eta anitzetan haren tokian haren eman beharra zela ‘ongi’ mintzatzeko. Emaitzak, Iparraldean irratizko euskal emankizunak aditzen dituenak edo hemengo egungo irakurgaiak ikusten dituenak gero eta maizago ikus ditzake: gehiegizko zuzenketa baten ondorioz edo, zenbaitek gero eta gehiago haren (eta areago haien pluralean) erabiltzen baitute izenordaina bihurkari den testuinguruetan ere.

Gaur arte, bere genuen holako ingurumenetan erabil zitekeen forma bakarra euskalki guzietan eta garai guzietan. Orain, bere-ren gehiegizko hedapenaren kontra joan nahiz, gauzak are nahasiago egin ditugu Iparraldean, eta haren-en erabilera garbiki mugatzen zuen gramatika araua (haren izendordain bihurkari gisa agertzeko ezinean gauzatua) gero eta maizago urratzen da, paradoxikoa bada ere, zaindu nahizko erabileretan bereziki. Joera ‘makurra’ zuzentzeko orde, are makurrago egin dugu, nahasmendurik ez zen tokian ere saltsa sortuz.[2] Sasitik berrora, hots.


[1] Bi jokabideak agerrarazten dituen adibide bat:

Erabilera klasikoa: Pello oso gaizki da; haren burasoek ez dakite nora eraman.

Hegoaldeko erabilera zabaldua: Pello oso gaizki da; bere burasoek ez dakite nora eraman.

[2] Gehiegizko zuzenketa erakusten duen adibide bat (haren emanik bere behar zen lekuan):

Pello oso gaizki da; halere, haren burasoek ez dute ospitalera eraman nahi.

Aurretestua eta ondotestua

Elixabete Perez Gaztelu

Hemen ez ezik (hibridazioa), beste leku batzuetan ere atera da (ItzuL posta-zerrendan ere bai), era batera edo bestera, erdal aurrizkidun hitzak euskaraz eman beharrak askotxotan sortzen duen gogoeta. Gai luzea da eta adar askokoa eta ez du ezinbestean, baina askotan badu, orain proposatzera noanarekin zerikusia. Estreinaldi honetarako adarretako bati (adaxka bati) helduko diot, baina ez, lehenik eta behin, plaza honetara gonbidatu nautenei eskerrak eman gabe.

Aurretestu eta ondotestu izenak atera zaizkit irakurraldi batean. Ulertzen dut bataren eta bestearen esanahia: “testugileak aurretik egiten duen testua, azkena ez dena, hasierakoa” edo izan daiteke lehenaren parafrasia, eta “berrikusi, zuzendu eta behar den guztia egin ondoren testugileak erakusteko modukotzat edo jotzen duen azken testua” bigarrenarena.

Lehenak ez dit zer pentsatua eman, baina bigarrenak bai. Zer ikusi dut, bada ondotestun aurretestun ikusi ez dudana? Egia da ondoeza, ondo iritzi…, ezkerreko osagaia aditzondoa duten hitzak guztiz ohikoak zaizkidala. Mugakizuna bada ondo izena ere (etxe ondo, eguerdi ondo…), ugaritan, baina ondo izena mugatzailea duen izen elkarturik inoiz entzun eta/edo irakurri dudanik ez daukat gogoan.

Eta, ildo horretatik, sortu zaidan galdera da ea Euskaltzaindiak Hitz-elkarketa/4ko sailkapenean aurreproiektu moduan kokatzen dituen elkartuek baduten mugarik. Bestela esanda, ea zeinahi “leku-denborazko” izen izan daitekeen izen elkartuen ezkerreko osagaia. Hona aurkitu dudan egoera.

Orotariko Euskal Hiztegiari azaleko begiratua egin diot. “Leku-denborazko” izen hauek ikusi ditut hitz elkartuen ezkerreko osagai (ez dira guztiak izango, baina gehientsuenak direlakoan nago), batzuk emankorragoak besteak baino: aitzin, albo (gutxitan), alde (gutxitan), arte (apenas), aurre, atze, azpi, barne (kide dituen hurrengo biak baino maizago), barren, barru, bazter, behe, gain, gibel, goi, inguru (gutxitan), kanpo. Ondodunik bat ere ez.

Hiztegi Batua, Euskal Hiztegia (Sarasolarenak, bi edizioak), Euskalbarren kontsulta daitezkeen hiztegiak (Elhuyar, Labayru…), Euskalterm, Egungo Euskararen Hiztegia… ere begiratu ditut eta ondorio bera eskuratu: ezkerreko osagaia ondo (‘leku-denborazko’) izena duen elkarturen adibide alerik ez.

Sarasolaren Euskal Hiztegian begiratu besterik ez dago ohartzeko, batetik, hitzei alboratzen dien urtearen lekukotasunaren arabera, horren “betiko” itxura duten hitz batzuk behintzat XIX. eta XX. mendea arte ez direla sortu (hizkuntzari begira zaharra eta berria zer den alde batera utziko dut orain). Adibidez, artizki 1965ean dauka jasoa (ez dago arte hori mugatzailea duen hitz gehiago), atzizki ere 1916an.

Bestetik, mugatzaile “leku-denborazko” horietako batzuk oso hiztegi-sarrera gutxitan daude jasoak: bakarrean (edo ia bakarrean) batzuk. Esate baterako, alboz eratutako bakarra dago, alberri (1816 albo-erri), inguru duen izen elkartu hiztegi-sarrera denik ere bi: ingurune (1571) eta ingurugiro (1952). Baina adibide gehixeago dauzkaten aurredunak ere, adibidez (hiztegi horrek dakartzan zazpiak) 1842tik honanzkoak dira (zaharrena aurresku (1842) eta berrienak aurreikusi eta aurreiritzi, 1977koak). Bistan da euskal hiztuna premia lexikoak asetzen noiz eta nola joan den.

Ez dut honenbestez dudan jarri nahi lerro hauek idazteko aitzakia eman didatenek, jakintza alor horretako adituek, terminoren bat behar izatea ‘azken testua’, ‘testu erabatekoa’, ‘testu erabat orraztua’… adierazteko. Horren garbi ikusten ez dudana da ondo izena erabiltzea, hain zuzen, ‘guztia egin ondorengo’, ‘denboran azkena’ adierazteko.

Ondotestu —beharbada, agian, apika…—, zerbait izatekotan, alboren modura ulertuko nuke? OEHk bai, baina Hiztegi Batuak jasotzen ez duen alberria ‘alboan dagoen herria’ bada, ondotestu, ‘ondoan dagoen testua’ litzateke? Gaur-gaurkoz nik behintzat nahiago nuke adierazpide sintagmatikoa “azken testu”, “ondoren egindako testua” edo antzeko zerbait.

Guztiarekin ere, egia da jakin ere ez dakigula norbaitek (erdaratik euskarara itzuli behar zuen hiztegigile batek baino gehiagok batez ere) baliabide lexiko hau, “leku-denborazko” izenak mugatzaile gisa, erabiltzeko proposamena egin zuenean edo erabili zuenean euskaldun deskodetzaileek, hitza behar zuten euskaldun horiek zer pentsatzen zuten.

Itzulpena eta ideologia

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Ustez, denok bat gatoz esatean itzultzaileok ez dugula geure ideologiaren baldintzapean egin behar itzulpenik; gure lanbidearen oinarrizko jokamolde etikoaren arau bat edo da hori, gure arautegi deontologikoan nonbait jasota egongo dena. Errealitatera etorriz, ordea, arau etiko hori noizbait hausten dela erakusten duen adibiderik ez da falta.

Duela gutxi, adibidez, eztabaida sortu zen Itzul zerrendan “copago” hitzaren itzulpena zela eta; eta ez ziren hain gutxi izan hitz horren euskal ordaina emateko orduan “berrordainketa” defendatu zutenak, hori delako(an) beren ustez benetan gertatzen dena; eta pentsatzekoa da itzuli ere hala itzuliko zutela testuren batean edo bestean.

Bat etor gaitezke uste horretan, baina ez dut uste itzulpen-proposamen hori zuzena denik, etikaren eta deontologiaren ikuspegitik behintzat. Izan ere, “copago” hitzaren aldamenean, gazteleraz ere ikusi-entzun izan da “repago” kontzeptua, iritzi artikuluetan edo tertulietan, baina, beti ere, esan bezala, iritzi baten babespean. Zer esanik ez, euskaraz ere hitz bana egon liteke, eta egon beharko lukete, bi kontzeptuentzat, ez bakarra, norberaren nahierara.

Bat etor gaitezke, orobat, esatean bai “copago” eta bai “repago” hitzak ideologikoki markatuta daudela, edo ideologia argia dagoela horietako bakoitzaren azpian; eta lehenengoa, azken finean, itxura neutraleko eufemismo hutsa dela. Baina testu batean bata agertzen bazaigu, ezin dugu bestearekin itzuli, horren azpian datzan ideologiarekin ez gatozelako bat.

Beste adibide gehiago ere badaude. Esate baterako, Bilboko Urkixo zumarkaleko postetxean, lehoi-postontzien azpiko plakan ageri den “Nacional / Estatu barrua” itzuli zuenak ez zuen behar bezalako etikaz jokatu itzulpen hori eskatu zion erakundearekin, bere ideologia lehenetsi baitzuen; antzekoa gertatu da (gertatzen da) DNI delakoarekin: ikusi bestela hemen esandakoak.

Jakina, gutako bakoitzak gure bizitza pertsonalean nahi duguna erabil dezakegu, baina itzultzaileak garenean, ematen zaigun testuari eta lan-emaileari zor diegu leialtasuna, eta, kasu askotan, argi dago agiri horren izendapen ofiziala baino ezin dela erabili. Besterik da, “nacional” hitzarekin jarraituz, elkarteren batek edo beste edonork ateratzen duenean gurean ere hain ohikoak diren gabonetako loteriako partizipazioetan, argitaratzaileak nahi duen izendapena erabiltzea, “Espainiako Loteria”, “Gabonetako Loteria”, “Estatuko Loteria” edo nahi duena, partizipaziogile horrek baduelako eskubidea berea den produktuan nahi duen izendapena erabiltzeko.

Azken adibide bat ipiniko dut, niri neuri gertatua (eta barkatu adibide pertsonala ekartzeagatik). Samaniegoren alegiak itzuli nituenean, euskarara itzulitako alegiei buruzko tesi bat egin zuen norbaitek kritikatzen zidan genero-irizpidea kontuan ez izatea eta “hombre” hitza “gizon” itzultzen nuela, eta ez “gizaki” edo “gizon-emakume”. Alde batera utzita hitz neurtuetan egindako itzulpen batean silaba bat gehiago edo gutxiago izateak duen garrantzia, uste dut kritika hori egin zuenak ez duela ulertzen XVIII. mendeko testu batean nekez aurkituko dugula gaur egungoa den irizpide hori eta, gordin esanda, Samaniego matxista bazen, haren itzulpenetan ere matxismo hori agertu behar duela itzultzaileak.

Honi lotutako azken anekdota batekin nahi dut bukatu: nire interprete lanetan noizbait gertatu zait elkarte feministaren batek antolatutako mintzaldi batean norbait etortzea kabinara esatera hizlariak, adibidez, “hijos” esaten duenean, “seme-alabak” itzuli behar genuela, beti ere genero-ikuspegiari amen eginez… baina hori ez ziotela esaten hizlariari!

Beldur naiz, ikusitakoagatik, bai itzultzaileok baita beste askok ere lehenago aipatu dudan araudi deontologiko edo etikoa berrirakurri beharko genukeela noizean behin.

Hizkuntzen transmisioa

Leire Mendiburu Garaiar

Banekien, egun batez ama izaten banintzen, hizkuntzen transmisioa gai korapilatsu suertatuko zitzaidala. Eta ez naiz tronpatu. Horrela, bada, hizkuntzak transmititzeak irribarre –eta algara ere bai– egitera eramaten nau askotan, baina, aldi berean, hainbat kezka ere sorrarazten dit. Kezka horiek, hala ere, ez dira denak hein berekoak.

Lehenik, bizipen pertsonaletik atera ondorio bat da hizkuntzen transmisioak muga naturalak dituela, eta, beraz, norberak ezagutzen duen hizkuntza edo euskalki oro ezin zaiela irakatsi haurrei. Domaia hizkuntzak eskutik eskura pasa ezina, gauza material bat balira bezala! Ni, esaterako, sorterritik urrun bizi naiz, lapurteratik bizkaierarako jauzia egina dut. Ene alabek lapurteraz egiten ez badute ere, entzuten dute. Eta badakit zerbait geldituko zaiela: “Hemen kriston bordela dau eta ez dot atxematen!”. Bestalde, frantsesez badakit, baina ez diet irakatsi. Nire bigarren hizkuntza izanik, ez zait batere naturala haiekin frantsesez aritzea, jostatzen edo kantuan ez bada. Baina badakit zerbait geldituko zaiela: “Oe! Oe! Martzelo! Martzelo navigue sur les flots!”.

Hala ere, egiazko kezka-iturria euskarak berak eragiten didana da, euskararen kalitateak, hain justu ere. Ez dut euskaraz egiten den eremu osora orokortzen ene hausnarketa, ez da ni bizi naizen tokiko errealitatearen deskribapena baizik (araiz!). Eta, beraz, ez dakit norbaitek nik esanak konpartituko dituen, ala neu naizen egoera hanpatzen ari dena… Nahiago nuke bigarren hori balitz kasua.

Gure haurrak euskaraz bizi dira, euskaraz bakarrik, baina eguna pasatzen dut euskaraz egiten dituzten akatsak, zuzenean edo zeharka, zuzentzen, Jolasten gára? Ez da etorri zergatik eri zen. Nik be bai gurot. Da handía. Eta nik ondotik, Bai, olgau daigun. Ez da etorri ze eri da. Zeuk be gurozu, e? Handia da. Egun, haurrei (eta gazteei) entzuten diedan euskararen eta pertsona helduei entzuten diedanaren artean ezberdintasun handiak sumatzen ditut, doinutik beretik hasita da ezberdina. Horri azalpenen bat atxeman nahian-edo, espainolaren eragina saihestu ezinik gabiltzala esango nuke. Izan ere, haiek behar bezala ikas dezaten eredua geu garela ahantzirik eta hizkuntza ulertuko ez balute bezala zuzentzen gatzaizkie, haien mintzamoldea imitatuz, eta espainoletik harturiko baliabideetara joz, etengabe txikigarriak erabiliz (platanito gogaikarria!). Horrela, etxean sekulan entzun eta esan ez dituztenek berebiziko indarra hartzen dute, askotan, oharkabean geure egiteraino.

Bigarren partean aipaturikoen aitzinean, bi aterabide edo jokabide bururatzen zaizkit: bat, norberak berea egin, eta eredu ona entzun dezatela; eta, bigarrena, hori egiteaz gain, akatsak zuzentzea, hau da, astuna izatea. Ongi ala gaizki, nik, bigarrena hautatu dut. Eta, eredu egokia eman eta zuzendu, biak egiten ahalegintzen naiz, eta ahaleginduko, harik eta Ama!!! entzuten dudan arte.

Esaldi itzulerraz bat itzultzen

Iñaki Iñurrieta Labaien

Las más vehementes aspiraciones de los súbditos de un país no debidamente regido por instancias gubernamentales están condicionadas por una multitud de factores que las hacen más o menos realizables en cada ocasión.

Agustín García Calvo hil berriak dioenez (Karlos del Olmok herenegun ItzuL zerrendan In memoriam estekatutako artikulu aspaldiko, Senezen agertu batean), errazagoa omen da esaldi hori —maila kontzientetik gertukoa, Kulturan ondo bildutakoa— itzultzea, “Pues, anda que el otro” esaldia baino —hots, subkontzientean barneratuago, Kulturatik urrunduago dagoen esaldi bat baino—.

Zuri, berriz, esaldia irakurri orduko, iruditzen zaizu hor ere aurkituko dituzula, besteak beste, hizkuntza pospositibo, atzerakargatu honek egunero aurrez aurre jartzen dizkizun sintaxi-arazoak. Proba dezagun, ia aldi bereko interpretari batek bezala, bat-batean, hiztegietara-eta jo gabe. Hor ekin diozu:

Herrialde bateko sujeten nahikaririk suharrenak…

Geldi hor: erdaraz ondoren datorrena aurrean jartzea litzateke normalena, izenlagun gisa. Has gaitezen berriro:

Gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabeko herrialde bateko herritarren nahikaririk suharrenak…

Alto berriro. Atzerakarga handiegia… Ea izenlagun luze hori eskuineratuta…:

Herrialde gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak…

Irakurgarriagoa ote horrela? Irakurle molde horretara trebatu batentzat, akaso, bai… Zalantzak sortzen dizkizu  “Herrialde gobernu-instantziek” horrek. Izenondoa jartzerik balego herrialderen ondoren… moderno, europar, burujabe… testuinguruan egoki letorkeen izenondoren bat. Honela, adibidez:

Herrialde moderno, gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren…

Argiagoa, baina hori tranpa egitea da, jatorrizkoan ez da halako izenondorik…

Dena den, erdia besterik ez duzu egin. Beste erdia falta zaizu. Ea, pausoz pauso…

baldintzatuta daude…

hainbat eta hainbat faktorek baldintzatuta daude… baldintzatzen dituzte.

abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten hainbat faktorek baldintzatzen dituzte.

Arindu dezagun erlatibo hori:

hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.

Tira, badirudi egina dagoela. Jar dezagun dena batera, ea nola irakurtzen den:

Herrialde (europar/moderno/burujabe,) gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak hainbat faktorek baldintzatzen dituzte, abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.

Osorik irakurrita, bistan da subjektua eta aditz nagusia aurreratzea komeni dela:

Hainbat faktorek baldintzatzen dituzte herrialde (europar/moderno/burujabe,) gobernu-instantziek behar bezala gobernatu gabe bateko herritarren nahikaririk suharrenak; abagune bakoitzean egingarriago egiten dituzten faktoreek.

Irakurgarria al da aukera horietakoren bat? Jatorrizkoa bezain irakurgarria/irakurgaitza? Nola itzuliko luke esaldia aldi bereko interpretari batek? Ziur asko, automatizaturik ditu prozesu horren pausoak; animatuko balitz deskribatzera…

Atarikoa

Ana Telletxea Koxkolin

Lehenbiziko eta behin, jaso ezazue “aunitz urtez” zintzoa proiektu honen abiarazleok. Asmo polita, baina lana azkarki harekin batera, eta hala, espero dut gure ekarpenarekin, norbere moduz, atari hau gorpuztuko dugula.

Eskerrak eman behar dizkiet, bada, etxe honetako nagusiei bertara gonbit egin didatelako. Aitor dezadan, bestalde, nire parte-hartzea hizkuntzarekiko dudan ardurak eta zaletasunak funtsatuko duela, ez baitut, iduriz, eztabaida-foro honetan ari diren gainerakoen mailako gogoeta sakon eta landurik emanen. Irakaskuntzan ari naizen neurrian, eta eguneroko bestelako esparruak inolaz ere atzendu gabe, kezka sorrarazten didan horrek ekarriko du nire hausnarra hilabetean behin leiho honetara.

Eta, honela, gonbit egin didatela erran dut, ez “luzatu didatela”. Hiztegietan, oro har, forma hori aurkitu ez dudan arren, sobera zabaldua dagoela iruditzen zait, bai egunkarietan, bai bestela ere administrazio, hezkuntza, enpresa-eremu eta hamaika gisa honetako esparru formaletan. Luzamenduak nondik heldu zaizkigun ez dakit, baina “gonbit egin dit”, “gonbidatu nahi zaitut”, “gonbidatuak zarete” bezalakoekin askoz txukunago ailegatuko litzateke, nire ustez, delako asmo on hori.

Asmo ona izanen zen, aztergaiz aldatuz, “asanblada” hitzaren sorburuan (erdaratiko “asamblea” itzultzeko garaian), baina ez, ordea, sen argirik. Ez dut sekula hitz honen sona eta indarra ulertu, eta aski lekutua da euskaran; uste dut hau ailegatu baino lehen ordezko egokiagoak izan bagenituela arrunt eskura. Hiztegiek onartzen dituzten “batzar”, “biltzar” edo “bilera” (kasuan kasu bat edo beste) aukera hobeak iruditzen zaizkit inolaz ere, eta adibidez, aski ezagunak diren Gazte Asanblada edo AHTaren aurkako Asanbladari gustura iradokiko nizkiekeen (jakin izatera) aukera garbiagoak haiena izendatzeko. Oraindik garaiz gabiltza edozein herri, hiri edo auzotan antolatzen diren horiei “asanblada” deitu ordez, bilera edo batzarra eginen dela esan dezaten gomendatzeko.

Hizkuntzak, hiztunari baliagarri zaion hura izanen du bizirik bere baitan, erabilgarri ez dena galtzea du lege. Zerbaitek ahalbidetzen du hiztunon honako edo harako hautua, nahiz eta, eguneroko erabileran maiz indarrean diren jatortasun gutxiko hitzak eta egiturak garbitzea, fintzea edo orraztea komenigarria iruditzen zaidan.

Gaurko hastapen idazkiari bukaera emateko, eta bi erabilera jakinen gaineko azaleko kritikaren ondotik, hitz bat bildu nahi izan dut gurera, berriki Anjel Lertxundik artikulu batean agertutako ideiaren haritik, bakan aditu dudan hitza aipatu nahi nuke: ezongi. Hiztegietan emana da, baina erabileran, aldiz, ez da sumatzen lehen bezainbeste. Norbait eri denean, minez denean, edo norbaitek ondoeza duenean, ohikoena “ez dago ongi” bat ematea izaten da. Duela gutxi gainera, “ezongi nago” bat eman eta zalantza galanta sortu zitzaidan egoki ari ote nintzen. Hiztegiek eman didate bermea, izatez bestela ere, Nafarroako iparraldean erabilia dela jakin baitakit (“ezongixko da” adibidez). Edozein moduz, ezongi, edo ezontsa Iparraldean, oroitzaren merezimenduan zait, inoiz ausaz entzun dudan gisaz, orain zailki aurkitzen baitut.

ahozkoak nau markatzen

miel a. elustondo

ez dakit nork asmatzen dituen hitz berriak. badakit uzei ez dabilela aparte, fernando mendizabal hil zenean haren lagun eta lankideek idatzi zituztenak gogoan. ez dakit nork asmatzen dituen erabilera berriak. edo beharbada bai, jon landabururi kasu egitekotan, behintzat. nork bere hitz egiteko modua –orobat, idaztekoa– egiten eta osatzen eta asmatzen du. hortaz, euskaraz inkili-mankala jardun ohi duen morroiak ‘pozten naiz zu ikusteaz’ bota didanean –harri potorra baitzait ‘ikusteaz’, arrotz nire belarrian–, halakoen erabilerak non duen jatorri, non iturri, hasi naiz pentsatzen. alegia, bizian euskara baizik egin ez duenak esaten ez duena nola esan lezakeen euskara hiztunak, hala lapuebla labarkako irakasle ez baldresak nola euskadirratiko esatari ez baldarrak.

mari karmen andereño maite maitatu eta maitagarriaren hiletan izan ginen atzo lapuebla horretan, eta dozena erditan esan zidaten erran delako ‘pozten naiz zu ikusteaz’ ditxosozkoa. Halaxe entzun behar izan dut gaur, euskadirratian, ‘pozten naiz zu ikusteaz’.

eta hori baino lehen, nola esaten genuen tribuan pozten naizelakoa?

e. eta h. markadun hitzik ez Euskaltzaindiaren Hiztegian

Paskual Rekalde Irigoien

Hamabi urte iragan dira Euskaltzaindiak Hiztegi Batuaren lehen idatzaldia argitaratu zuenetik. Liburuxka haren ondotik beste bi ere etorri ziren 2008an eta 2010ean: osotara, 36.000 sarrera eta 6.000 azpisarrera inguru.

Hiztegi horren idatzaldietako zenbait sarreratan e. eta h. markak ageri dira. Ikusita euskarazko anitz hitzek aldaera bat baino gehiago izan dituztela tradizioko testuetan, Akademiak aldaera horietako bat onartu zuen eta gainerakoak baztertu: (erropa* e. arropa; hibai* e. ibai). Bestalde, hainbat hitzi h. zeinua erantsi zien: batetik; erabaki zen hitz batzuk hobestea (beste, urtarril) euskalki marka daramaten hitz batzuen kalte (bertze, ilbeltz), betiere Euskal Herri osoari begira idatzitako testuetan erabiltzekoak baziren, eta bestetik, zigarreta edo partida moduko hitzak hobetsi ziren Hegoaldeko zigarroren edo partiduren aldean.

Adibideez eta adierez hornitutako hiztegia behar genuen eta hutsune hori betetzera etorri da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzetan oinarritutako lan honetan jadanik ez dugu e. eta h. markarik ikusiko. e. markadun hitzei (edo hitz baztertuei) dagokienez, baztertze-maila leundu da eta erabilera debekatzetik ez gomendatzera pasatu da. Adibidez: hibai iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, hibai-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ibai]. Bestalde, hitz ez-hobetsiei h. marka kendu zaie eta bere horretan utzi dira, erabilera-adibiderik gabe, bigarren mailakotzat joz. Adibidez: bertze Lap. eta Naf. Bestea.

Jakin badakigu (eta hala aitortzen du Akademiak) Hiztegi Batua plazaratzen joan zen garaian euskara estandarra ez zegoela aski finkatua, ez bederen hiztegiari zegokionez eta, ondorioz, garaiko joerari men eginez, gogortxo jokatu behar izan zuela hitzen onartze eta arbuiatze kontuan, euskal hiztegiaren batasuna ahalik eta arinen lortzeko. Bada, ematen du Akademiak gogortasun hori nolabait ere gozatu nahi izan duela marka horiek ezabatuz.

Balizko ausazko premiazkoak

Juan Garzia Garmendia

Premiazkoena, gauza bat garbi uztea: ez naiz ari hiztegien beharra auzitan jartzen, ez eta, are gutxiago, hiztegigileen lana gaitzesten. Halakoen arduraduna banintz (ez naiz, beraz), aitormen eta soldata hobea lukete horretan dihardutenek. Ausaz, hau ez idaztea nuke hobe. Ziur, ez dut lortuko nahi nukeena, baina ez ahal zait gertatuko, esate baterako, behiala erronka hitzari buruz esandakoekin baino okerragorik. Nork daki, hala ere.

Nirekin lan egindako itzultzaile bikainenetariko baten kontu batek piztu dizkit argi gorri ozenak, aurretik ere banuen kezka sorraren gainean: ingelesezko itzulgaiko potential, possible eta likely izenondoak, denak ere, balizko euskaratu ditu… orrialde berean, eta izen beraren izenlagun!

Badirudi arrunt izenondoaren eta beste batzuen bidean doala balizko izenlaguna ere: zernahi esatera behartu nahi dugu hitz gaixoa, ad hoc. Garai batean, balizko errotak garbi zegoen ez zuela irinik emateko ahalik. Orain, auskalo.

Begiratu dut hiztegi elebidunean, ez errezelorik gabe noski, eta hara: supuesto, -a; hipotético, -a; posible omen da balizko. Sinonimo ote dira hirurok?! Eta, hala izatera, nondik irabazi dugu konfiantza, garai batetik hona, posible eta are ustezko izan daitezen orain balizko irinak? (Eta, ondo pentsatuta, zergatik izan behar du sarrera hiztegian balizkok, balitz zer den badakigu eta? Erdarazko izenondoaren ordaina delako tratatu behar ote dugu izenlagun hori izenondotzat?).

Neu nago oker, noski, zeren, nik ulertzen dudan (edo, barka, nuen) moduan, euskaraz behintzat, jai baitute askoren errebindikazioek, hiztegi bereko adibideari jaramon egitera behintzat: Estatu ez diren nazioen balizko eskubideak (Los supuestos derechos de las naciones que no son estado).

Nago, gainera, balizko hitzaren berezko xarmak baduela zerikusirik endredoan. Jakina, ustezko arruntegia da; hipotetiko, kultuegia; posible eta probable, erdalantzekoegiak… Alegiazko eta irudizko ere politak dira, baina, horiek erabilita, nabarmenegi geratzen da ez dugula irinik zertuko errota horretatik: alegiazko eskubideak, irudizko eskubideakBalizko, berriz, libre zegoen, ezta?, eta zer polita!

Kontuak kontu, alegiazko errotarririk handiena irentsita ere hiztegitik, inork ezingo dio kendu balizkori balitzen ume izatetik datorkion esanahia. Baleukako markesak ez dauka, eta balizko errota ez dabil… ezta balitz hitza ehotzeko ere. Beraz, hutsuneren bat sumatzen bada hiztegi elebidunean, asma bedi nahi dena, baina utzi bakean hitz normalei beren esanahiekin.

Euskaraz halako bortxaz izenondotu (nahi) den beste pare bat baino ez aipatzeagatik:

  • Ausazko ezin liteke uler ausazen umetzat baino (ausazko inolaz ere aleatorio izatera, ausaz hitz arruntak, ai ene, aleatorioki esan nahi luke).

  • Premiazko ez da urgente (apremiante ote dabil garun diglosikootan durundiz?), noski presak eta beharrizanak nahasteko dugun joera gorabehera eta premiak premia (asmatzen hasita, ausartu, ausartu: lehenbailehengo posta).

Desenkusa ditzadan hiztegi(gile)ak: ez da erraza erdarazko izenondo bakoitzari euskarazko itzul-ordain finkoa esleitzea. Nik, behintzat, ez nuke asmatuko… baldin eta hartara jarriko banintz. Nik, ordea, testuak itzultzen ditut, eta ez hitz solteak. Eta, are gutxiago, adberbioen esanahia biltzen duten erdarazko izenondoei ordain automatikoa emanez.

(Badakit, badakit: hiztegia nola erabiltzen den da kontua. Hala ere, erabiltzaileak gaizki badarabil eta gero hiztegigileak okerra ere erabilera zuzentzat jasotzen badu, banatuta geratuz doaz erantzukizunak, ezta?).

Adibidez, “sus posibles consecuencias” euskaratzean, bere balizko ondorioak ematen duena hiztegia itxuragabe testuitxuratzen baino ez da ari (eta, berdin-berdin, sus propias conclusiones irreales ere ulertaraz dezake!); eta, demagun, horrek ondotik ekar ditzakeenak darabilenak, berriz, ez du justifikatu behar erdaraz hori esateko erabilitako hitzetatik bat bera ere ez agertzea horrela euskarazko testuan.

San Jeronimo, beti san Jeronimo: “Ez hitzez hitz, baizik eta zentzuz zentzu”.

Geneen adierazpen-askatasuna

Igone Zabala Unzalu

Hizkuntza ikuspegi askotatik azter daiteke eta, edozein jakintza-alorretan bezala, motibazio teoriko hutsez iker daiteke edo, bestela, gizartean dagoen arazo edo gatazka bat konpontzen laguntzeko motibazio aplikatuaz. Hizkuntzalaritza aplikatuak hizkuntzalaritza teorikoak garatutako jakintza baliatzen du, eta teknika eta metodologia egokiekin konbinatuta, helburu aplikatuak erdiesten saiatzen da. Emaitzak ebaluatu egin behar dira eta, ebaluazio horretatik, abiapuntuko teoriak eta metodologiak birformulatu egin behar dira. Ebaluazioa funtsezkoa da jardun aplikatuan, okerreko erabakiak hartzeak eragin bailezake gaur horren urria omen den diru publikoa edo pribatua alferrik galtzea. Baina, gainera, hizkuntzaren gainean oker eragiteak askoz ere ondorio larriagoak ere ekar litzake, adibidez, konpondu nahi izan den arazoa areagotu liteke edota aurreikusi ez diren albo-kalteak eragin litezke. Eztabaidagune honetan eman zaidan aukera (bide batez bihotzez eskertzen dudana) baliatu nahi nuke, hain zuzen ere, euskararen gainean egin diren zenbait interbentzioren inguruan aritzeko. Izan ere, euskara garapen lexiko-diskurtsiboan erabat murgilduta dagoelarik, erregistro espezializatuak aztertzen ditugun hizkuntzalariok ezin diogu ezikusia egin preskripzioak eta interbentzioak gure ikergaian duten eraginari.

Oraingoan Biologiaren muinaz aritzeko ezinbestekoa dugun termino-familia batez arituko naiz. Bruselako Erasmushogeschool unibertsitateko Rita Temmerman itzulpengintza eta terminologiako irakasleak biziaren zientzien alorreko terminologia aztertu du ikuspegi soziokognitibotik, eta agerian utzi du hainbatetan arrazonamendu metaforikoa erabili dutela zientzialariek biologia molekularraren alorreko aurkikuntza berriak kontzeptualizatzeko. Giza esperientzian oinarrituta dagoen irudimenezko arrazonamendu analogiko horri esker, hizkuntzak jadanik dituen lexemak erabiltzen dituzte ikertzaileek, hainbatetan, kategoria berriak izendatzeko. Temmermenek zientzialariek sortutako testuak aztertuz agerian utzi duenez, genetika molekularraren eremuko jakintzaren oinarrian eredu kognitibo idealizatu jakin bat dago: herentzia biologikoa geneetan (DNAn) gordeta dagoen informazioan datza. Informazioaren inguruan antolatutako eredu kognitibo horren ildotik, metafora bidezko lexikalizaziorako hainbat bide zabaldu dira. Bide horietako bat laburbilduz, esan daiteke geneak hizkuntza jakin batean idatzitako edo kodetutako mezuak direla, eta kode hori hiru hizkiko ‘hitzetan’ idatzita dagoela. Ildo beretik, gene-kodeaz hitz egin daiteke, eta esan daiteke DNAren transkripzioari esker, RNA mezularia sortzen dela, eta RNAk daraman kode horren itzulpenaren bitartez proteinak sintetizatzen direla. Hartara, geneen adierazpenaren ondorioa proteinen sintesia dela ere esan daiteke.

Jakina, arrazonamendu metaforiko hori guztia Watson eta Crick-ek eta haien ikerketa-ildoari jarraipena eman zioten beste ikertzaile batzuek egin zuten ingelesez. Nolanahi ere, euskal zientzialariek ere, nazioarteko diskurtso-komunitate espezializatuaren arrazonamendu metaforiko bera partekatzen dutelarik, horixe bera erabili dute, seguruenik oharkabean, euskal terminologiaren garapenean. Zelako harridura eta egoneza sortuko zitzaien aditu euskaldun horiei euskaraz idatzitako artikulu edo liburu bat argitaratzera joan eta geneak adierazi ez baizik eta espresatu egin behar zirela jakinaraziko zietenean! Diagnostikatutako arazoa omen da euskal hiztegien arabera adierazi aditza iragankorra dela eta, beraz, geneak adierazten dira erabilera iragangaitza okerra dela. Kasu honetan, interbentzioaren oinarria da okerra, ez aditu euskaldunen erabilera, jakina baita subjektuaren semantikak aditzen sintaxia baldintzatzen duela. Gizakiok zerbait adierazten dugu edo adierazten diogu norbaiti, baina “informazioa” baino ez diren geneen berezko zeregina da (beren burua) adieraztea. Hortaz, geneak adierazi egiten dira, zuhaitzak loratu eta txoriak lumatu egiten diren bezala. Hizkuntzaren erabilera berriek gramatika-sistemaren gauzatze berriak ekartzen dituzte zenbaitetan, eta gauzatze berri horietan datza, besteak beste, hizkuntzaren garapena.

Euskaltermek adierazpen-askatasuna aitortu die azkenean geneei, eta FOXP2 genearen adierazpenari esker dugu euskaldunok, beste gizakiek bezala, hizkuntza garatzeko gaitasuna. Baina nork ebaluatuko ditu urteetan egindako interbentzioaren alboko kalte-ondorioak?